Faseak

Proiektuaren kronologia

Eliza pintatuak

Done Mikelen elizako mural-proiektuak Arabako Lautadako tradizio zahar bat berreskuratu du: eliza pintatuak.

“Bizitzarako margoak” proiektuak interes artistiko handia du bere dimentsio, gai eta faktura artistikoagatik. Horregatik guztiagatik, obra honek bat egiten du arte muralaren estatuko eta nazioarteko erreferente handiekin.

Iragana eta geroa

Proiektuak bi helburu ditu:

  • Lehenengoak iraganera begiratzen du, eraikina birgaitu eta lehengoratzeko asmoz, hari lotuta bizi izan diren pertsonen oroimenak merezi duen errespetu historikoagatik.

  • Bigarrenak etorkizunera begiratzen du, gaur egungo behar eta sentsibilitate berrietara egokitzeko, kulturara irekita dagoen topagune gisa, bere adierazpen guztietan: musika, antzerkia, dantza, kultura-topaketak eta abar.

Hala, erreformaren lehen fasea eraikina bera birgaitzeari dagokio, eta 2009tik 2012aren erdi aldera arte iraun zuen. Bigarrena Xabier Egaña artistaren “Bizitzarako margoak” murala diseinatu eta egiteari dagokio, eta 2013tik (bi urte zirriborroak egiten) 2018ko urtarrilera arte iraun zuen, inauguratu zen arte. Inaugurazioan, herritarrak, lagunak, kulturako ordezkariak eta erakunde publikoak (Lehendakaria eta Arabako Diputatu Nagusia) izan ziren.

Kronologia

2009 KANPOALDEA
2010 KANPOALDEA
2011 BARRUALDEA
2012 BARRUALDEA
2013 BARRUALDEA
2014 BARRUALDEA
2015 BARRUALDEA
2016 BARRUALDEA
2017 BARRUALDEA
2018 INAUGURAZIOA
2020 BISITAK
2021 BARRUALDEA
2022 KANPOALDEA
2022 BARRUALDEA

Obretan eta irekita

Orain arte, elizaren barrualdea zaharberritzeko eta mural-proiektua gauzatzeko finantzaketa Andetxako Administrazio Batzarrarenkontura joan da, adiskideen, kolaboratzaileen, “obretan eta irekita” ekimeneko bisitarien eta bisita gidatuetako parte-hartzaileen ekarpen boluntarioekin. Teilatua Arabako Foru Aldundiak finantzatu du ondare historikoa kontserbatzeko Elizbarrutiarekin sinatuta duen hitzarmenaren bitartez.

 

Lan guztiz profesionalak izan ezik (egitura-kalteak eta estalki berria), hormak prestatzea, elementu arkitektonikoak pintatzea, argiztapena, garbiketak, sustapena eta zabalkundea, tailer hezigarriak eta bestelako jarduerak auzolanean egin dira, Euskal Herriko herri txikien nortasun historikoak bereizgarri duen lan komunitario, solidario eta guztiz altruistaren bidez.

Udako kanpainetan (2013-2018) muralak egiten ziren bitartean, Andetxako eliza Xabier Egañarekin elkartzeko, hitz egiteko eta ideiak eta kezkak trukatzeko tokia izan zen, beti prest baitzegoen proiektua partekatzeko eta herriko bizitzan murgiltzeko. “Obretan eta irekita” ekimenak (Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak eslogana berrerabiltzeko baimena eman zuen eskuzabaltasunez) uda oro aukera ematen zuen muralaren proiektua sortzeko prozesua zuzenean ikusteko.

Lan-denboraldi bakoitzaren amaieran, laburbiltze- eta jai-ekitaldi baten bidez (“Obretan eta berriro irekita”), dei egiten zien auzotarrei, lagunei eta artearen eta kulturaren arloko ordezkariei, fase bakoitzean egindakoaren berri emateko eta hurrengoa iragartzeko, laguntzak jasotzen jarraitzeko eta proiektuaren ilusioari eusteko.
Informazio gehiago biltzeko, kontsultatu “Bizitzarako margoak, proiektu dinamizatzailea”.

Scroll to Top